Zaindoo mendekotasuna daukan pertsonaren bat zaintzen dagoan edonork erabili leike
06 November 2025

Zaindoo mendekotasuna daukan pertsonaren bat zaintzen dagoan edonork erabili leike

Goizeko Izarretan

About

Eusko Jaurlaritzak Zaindoo izeneko doako zerbitzu telematiko ipini dau martxan, etxean mendekotasuna daukan senide baten zaintza egiten daben pertsonentzat. Aplikazino erraz baten bidez, zaintzaileei laguntzea, prestakuntzea eta komunidade-sarea eskaintzen jake, euren eguneroko lana arintzeko eta ongizatea hobetzeko asmoz.



Laguntzea eta prestakuntzea online

Zaindoo-k hainbat baliabide eskaintzen ditu, zaintzaileek bakarrik ez sentitzea eta euren eguneroko erronkei aurre egiteko tresna gehiago eukitea helburu moduan izanda. Zerbitzuaren barruan, banakako saioak eskaintzen dira zaintza-familian aditu dan profesional bategaz; saio horreek online izaten dira, eta zaintza prozesuan laguntza emozional eta praktikoa emoten dabe. Gainera, lau hilabetero behin zaintzailearen egoerea ebaluetan da, nekea eta gainkarga mailea neurtzeko, eta behar dan kasuetan laguntza gehiago eskaintzeko.


Beste alde batetik, online komunidade bat sortu da, zaintzaileek euren esperientziak partekatzeko eta beste pertsona batzuekaz konektau ahal izateko, alkarri laguntza eta ulermena eskaintzeko. Aplikazinoak, gainera, prestakuntza eta trebakuntza praktikoa eskaintzen dau, eguneroko zaintzan erabilgarriak diran gaitasunak garatzeko eta norbere zaintzea lantzeko. Horrez gain, zaintza antolatzeko tresnak be baditu, eguneroko zereginak koordinetako erraztasun handiagoa emonaz.



Zaintzaileentzako aplikazinoa

Zaindoo Euskadin bizi diran zaintzaileei dago zuzenduta, beti be, mendekotasuna daukan senide baten zaintzea egiten badabe. Baldintzak honakoak dira:





    Mendekotasuna daukan pertsonak 60 urtetik gorakoa izatea, mendekotasun mailaren bat autortuta eukitea eta Euskadiko udalerri baten bizi izatea. 




    Zaintzaileak, bere aldetik, Euskadin bizi, senide zuzena izan eta mugikor edo tablet bat internet sarerako konexinoagaz euki behar dau.




Eskatzeko moduak

Zerbitzua bi modutan eskatu leiteke:





    Online, www.euskadi.eus/zaindoo webgunearen bitartez.




    Aurrez aurre, eskaera-inprimakia deskargatu eta Zuzenean bulegoetan, udal erregistroan edo postetxean entregatuta.




Zerbitzuari buruzko informazino gehiago jasoteko, 900 840 126 telefono zenbakira deitu leiteke edo zaindoo@euskadi.eus helbidera mezua bialdu. Zaindoo aplikazinoak zaintzaileen eguneroko lana errazteko eta euren ongizatea babesteko asmoa dauka, “zaintzaileak be zaindu behar dira” leloari jarraituz.